KEPA LARRUZEA, MENDIRIK MENDI


Amaia Larruzea
Euskal Herriko mendien inguruan jende ugari biltzen da eta aukera ederra izaten da bertan antolatzen diren ekintzez gozatzeko.

Kepa Larruzea eta Kepa Ajuria zornotzarrek Beasainen antolatutako “Ehunmilak” izeneko ultratrailaren 3.edizioan parte hartu zuten joan den uztailaren 15ean, 168 km-ko mendi martxan hain zuzen ere. Kepa Larruzeak 44 ordu eta 27 minututan bukatu zuen eta Kepa Ajuriak 43 ordu eta 10 minututan. Kilometro sorta honi guztiari aurre egiteko prestakuntza eta esperientzia motxilan eraman beharreko osagaiak dira. Horretarako, ekainaren 2an antolatu zen 100 km-ko “Hiru Handiak” mendi martxa burutu zuten. Kepa Larruzeak probaren azken 4 edizioak egin ditu. Berak dioenez, “Disziplina handia eskatzen du. Errespetu handia diodan martxa da”.
Zornotzarra Boroako Eliza baserrian jaio zen duela 60 urte. Txikitatik ibili izan da mendian baina iraupen luzeko martxak duela hamar bat urte egiten ditu. Asteburuero, Euskal Herriko martxetan diharduenetik, hamaika inguru ezagutzeko aukera aparta izan du. Baita bera bezalako beste hainbat mendizale ezagutzeko ere. “Beste gune batzuetan ez bezala, mendian euskaldun giroa dugu, euskara darabilgu espainetan”, azaldu du Kepak. Bestalde, mendira gazte asko hurbiltzen ari direla azpimarratu du eta hori oso pozgarria dela.
Pagadi eta hariztietan barrena, “Ehunmilak” ultratraila, Euskal Herriko iraupen luzeko martxarik gogorrena da Gipuzkoaldeko mendi gehienak batzen baititu. “Esperientzia ederra da, gehienbat gorputzaren mugak ezagutzeko”, adierazi du Kepa Larruzeak. Burua bere lekuan izan behar dela azaltzen du, izan ere, tentuz jokatu ezean amesgaizto bihur daiteke. Horrelako probek gaindiezinak diruditen helburuak gaindi daitezkeela erakusten dutela dio eta bizipen hori beste edozein arlotara eraman daitekeela.
Azkenik, Kepak ezinbestekotzat jotzen du Igorreko Juanjo eta Juan Mari lagunen laguntza, beraiekin igaro baititu euskaldun nortasunaren gordeleku apartak, Euskal Herriko mendiak.

Artículo anteriorInauguración AMORE 2012
Artículo siguienteVideo Mangamore 2012