KEPA AGIRREGOIKOA ERROTIK Etxanoko gazta

22 urte ditu eta dagoeneko hartu du bere bidea. Etxe alboan eraikitako kortan jarri du martxan bere lantegia, Errotik gaztandegia. Kepak Zizurkileko Fraisoro nekazal eskolan ikasi zuen eta harrez gero Ugaon izan da lanean gaztak egiten. “Elektrizitate ikasketak ere egin nebazan eta lantegi batean hasi ere bai, baina segiduan konturatu nintzen nire bokazioa beste bat zala eta gaztandegia eraikitzea erabaki neban”.
Bi motatako gaztak egiten ditu, ahuntzen esnearekin eta Fleckvieh arrazako behien esnearekin. “Behiak Austriatik ekarri dodaz, eta esne gutxiago ematen daben arren, grasa eta proteina gehiago dauka esneak eta gaztak egiteko aproposagoak dira. Ahuntzak berriz Alpinak dira, 32 dekodaz eta 40 inguru izango dodaz laster”.
Egunero birritan batu behar dau esnea, lanbide honetan ez dago atsedenik. “Goizeko 7etan jaten emon ondoren, esnea batzen dot. Eta arratsaldean, berriro batu ostean, gaztak egiten dodaz. Ahuntz bakoitzak egunean litro bi inguru ematen dau eta behiak berriz 20 bat litro.
Gaztaren elaboraziorako prestatuta duen tokiak osasun erregistroa du eta gazta guztiak pasteurizatu behar ditu. “Gazta freskoa egiteko 5 litro behar dodaz eta gazta sikurako 10 bat litro. 63 gradutan ordu erdi bat egon behar dira legarra eta gatza bota ostean”.
Gazta sikuak hilabete bat egoten dira tenperatura berdinean eta ondoren salmentara ateratzen ditu. Kepak Zornotza inguruko jatetxe eta dendetan saldu nahi ditu bere gaztak eta dagoeneko arrakasta izugarria du.

Artículo anteriorXVI ENRIKE RENTERIA
Artículo siguienteJOKIN AGIRREGOIKOA EL CONQUISTADOR DEL FIN DEL MUNDO