Joseba UGALDE, ardimotzailea afizioz eta ofizioz

Garai batean, artilearen prezioa ona izaten zen. Gaur egun, ez da horrelakorik, baina nahitaezkoa da ardiak moztea: hil egin daitezke ilaje hori guztia kendu barik. Beste erabilera batzuk ematen hasi zaizkio artileari: hormetan isolatzaile moduan jartzen dute, eko-modaren arloan xurgatzaile industrial moduan baliatzen, eta garbiketa-tresnen zati moduan. Ile-moztaileek, berriz, lanean jarraitzen dute, milaka urte dituen lanbide beharrezko eta zehatz baten testigantza emanez. Joseba Ugalde zornotzarra dugu horietako bat.
Deandein baseriko sema, 36 urteko zornotzar hau Zelanda Berrian hiru aldiz izan da lanean. “Bertan dira munduko ardimotzaile onenetarikoak”, dio Josebak. Txapelketetan ere parte hartu izan du, 25 postuan sailkatu zen behin, “ez da bakarrik arinago nork egiten duen, lana kalitatezkoa izan behar du”. Frantziako pirineotan, Cerdeñan, Leonen…ekainean Zornotzan izan da. “Geratu barik nabil. Furgoneta bat erosi neban eta askotan bertan egiten dot lo”.
Uda gainera erori aurretik, moztaileek gogotik egin behar izaten dute lana, animalien osasunak eskatzen du eta. “Asko urduri jartzen dira auzokoak artaldea moztu duelako, baina uztailean ere egin ahal da”.
Artileak lehor-lehorra egon behar du mozteko unean. Eskuz ari den moztaileak bost minutu behar izaten ditu ardia zuri-zuri uzteko. Josebak makinaren laguntzarekin, bi minutu aski izaten ditu ardi bakoitzarekin. Azkar eta ongi egin nahi izaten dituzte lanak, eta ardiari minik ez emateko, oso garrantzitsua da ongi jarrita egotea. Sabel azpitik hasten dira mozten, hankak egiten dituzte gero, eta gainerako guztia ondoren. Hondo-hondotik mozten diete ilea, larruaren arrasean. Ardi bakoitzeko 3-5 kilo ateratzen da.
Duela urte batzuk -ez hainbeste ere-, tratularia etortzen zen, eta hari saltzen zioten artilea. Garai berriek beste ehun batzuk ekarri dituzte, sintetikoak: akrilikoa, nylona, poliesterra eta polipropilenoa. Hala ere artilea gai preziatua da orain ere. Eko-erropetan ere indarra hartzen ari da. Zuntz naturalen aldeko korronteak sortu dira (kotoia, lihoa, kalamua, ..), eta horien helburua da arropa iraunkorra lortzea.
Artile-biltzailea ere desagertu da, baina ardiak moztu behar dira derrigorrez.

Artículo anteriorHaritz Barrenetxea, un zornotzarra de altos vuelos
Artículo siguienteAlberto, magiklown: Ikimilikiliklik