Jesus Arregi “Txakala” erretiratzen da

Hainbat eta hainbat txapela irabazi ditu Txakala bolo jokoan hasi zenetik. Bizkaikoak, Euskadikoak, komarkalak, “kontaezinak dira, dozena bi irabazi nebazenean kontua galdu neban”. Aurtengoa bere azken denboraldia izango da. “Belaunetatik txarto nabil, pastillak hartu behar dodaz jokatu baino lehen, izan be boloa jaurtitzerakoan apur bat makurtu behar zara boloa eskuan dekozula eta belaunak asko sufritzen dabez”.
Txakala 2010.urtean irabazi zuen bere azken txapelketa. Joko honetan ez du izan areriorik azken urteetan eta gainera bere zaletasuna eta kirol hau berpizteko egin duen lana eskertzekoa da. Bere etxean bolatoki ederra egin zuen, kapritxozkoa gainera. “Txakalan ametsa” deitzen da. “Erretiratu arren laguntzeko prest egongo naz beti. Gura dauenak beti izango dau hemen entrenetako lekua eta nire laguntza”.
Bola asko ditu etxean, eta altzaz eginda daudenak dira gehien gustatzen zaizkionak. “Bolak 7,5 eta 11 kilo bitartekoak dira. Intxaurra, altza,..nik altzaz eginda daudenak nahiago dodaz eta pisua 9 kilo ingurukoak”.
71 urte beteko dauz aurten eta 1968. urtean hasi zen komarkala jokatzen. “Hauxe komarkala lau urte lehenago hasi zen, 1964.ean eta orduan hasi ziren guztiei eta gaur egun bizirik direnei omenaldia egingo zaie aurtengo komarkalaren azken egunean San Bartolomen. Bera baino lau urte lehenago hasi ziren hauek eta euren izenak jartzeko eskatu digu. 15 dira eta zerrenda buruz eman digu: Martin Uriguen,Elias Euba, Basilio Zearreta, Jon Etxebarria, Juan Jose Garaita, Jose Antonio Atutxa, Mariano Bikandi, Mateo Astoreka, Ignacio Azueta, Jose Barrenetxea, Jose Luis Belausti, Juan Bilbao, Jose Luis Izurza, Jose Luis Etxanojauregi eta Jose Berrio.
Benetan eskertzekoa da hauen denon zaletasuna, eurek izan baitira kirol hau bizirik mantendu dutenak. Txakalak utziko du, baina bere semea Jose Luis bertan izango da, dagoeneko irabazi ditu txapela batzuk.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.