Ioritz Zalloetxebarria Kart pilotoa

Karting edo Kart lasterketa eserleku bakarreko ibilgailuen motor kirol mota bat da. Lau gurpildun kart edo go-kart izeneko ibilgailu txikiekin korritzen da. Normalean, zirkuitu txikietan korritzen da. Eta askotan pilotoak txikiak dira. Ioritz Zalloetxebarria zornotzarra 10 urteko pilotoa dugu, gasolinaz beteta ditu bere zainak. Sehaskatik datorkio, izan ere Jon, bere aita, rally pilotoa da. Ioritzek Valentino Rossi eta Carlos Sainz pilotoak ditu irizpide. “Horregaitik daramat 46 zenbakia kotxean”.
18765769_1759707864045646_5243771000347150987_n (Copiar)
Euskal Herrian Gasteiz, Guenes eta Olaberrian ditugu zirkuitoak eta azken hau da, dudarik gabe, garrantzitsuena, batez ere antolatzen diren lasterketak ikusita. Kadete mailan egin diren hiru lasterketak irabazi ditu Ioritzek. Eta datorren denboraldirako helburua, Euskal Herriko Federazioaren menpe, Kataluinako zirkuitoan parte hartzea du Ioritzek. “Kataluinan antolatzen diren lasterketak oso garrantzitsuak dira eta Euskal Herriko taldean sartzea lortzen badot izugarria izango litzateke. Kataluinarrek jartzen dituzte kotxeak eta mekanikoak. Sari onak dagoz eta Montmeló zirkuitoan F1 lasterketa egiten denean gonbidapenak izaten dituzte boxeak bisitatzeko eta pilotoekin egoteko”.
Baina horretarako ez du bakarrik lasterketak irabazi behar, eskolan nota onak atera behar ditu ere. “Eskolak txostena egin behar du, notak eta jokabidea nolako duen adieraziz eta Federazioara bidali behar dugu. Emaitza onak ez baditu ezin du lasterketetan parte hartu”, dio bere aitak.
DSC_0017 (Copiar)
Segurtasun neurriak oso garrantzitsuak dira. Kaskoa eta lepokoaz gain, soineko ignifugoa edo suaren aurkakoa eramaten dute. Baina hala ere arriskua beti dago, ezin da erabat baztertu. “Askotan beldur naz, naiz eta ni ere pilotoa izan naiz”, dio bere aitak. Izan ere, kart hauek 85 zentimetro kubiko dituzte eta 100 kilometro orduko abiadura hartu dezakete.
Entrenamenduak oso garrantzitsuak dira, bihurguneak nola hartu, frenoa noiz sakatu, beste kotxeak nola gainditu…Horretarako ezinbestekoa da zirkuitoetara joatea eta ez da merke. “Gure Federazioak laguntzak ematen ditu baina ez da nahikoa. Kirol honetan aurrera egiteko diru asko behar da. Guk ahal duguna egingo dugu, behintzat ikasteko oso ondo etorriko zaio”, dio Jon aitak.

Artículo anteriorJOSÉ MONTERO; Montero, Rocha & asociados
Artículo siguienteDRONES EN AMOREBIETA