HIRU NESKA SANTIAGOKO BIDEAN

Santiago Bidea giza-fenomeno bat bihurtzen da, erlijiosoa, kulturala, artistikoa, kirol erronka… Denak bilatzen dute zerbait bidean, eta askok aurkitu ere. Zornotzako hiru neska izan dira Aste Santuan bizikletan; Bego Atxa, Ohiane Petralanda eta Itsaso Gisasola. Burgos-en hasi eta Santiagon bukatu dute bidea, ia 500 kilometro 7 egunetan.
“Zerbait berezia du Santiago Bideak”, horrela esan digute hiru neska hauek. “Norberaren mugak non dauden ikasten dozu, aurrera egiten beti eta gero bizitzarako ondo datorkizu bidean ikasten dozuna”. “Lagun askok ez zuten sinesten egingo genuenik, emakumeentzako oso gogorra zela esaten ziguten. Eta bukatu dugunean zoriondu gaituzte”.
Bizikletan egin dute bidea, inolako laguntzarik gabe, erropa eta behar zuten guztia gainean eramanez, 8 kiloko zakutoak jarrita bizikletan. Urrian hasi ziren entrenatzen. “Burgos aldean bideak oso lauak dira baina Galizian aldapa gogorrak aurkitu ditugu. Gainera, lehen egunetan eguraldi ona izan genuen eta azkenean euria”. Albergetan lo egin dute, gizonezkoez inguratuta, zurrungak entzuten. Baldintza gogorrak pairatu dituzte baina pena merezi duela esan digute.
Gezi oriak jarraituz, hiru neska hauek kilometroak eginez Santiagora hurbiltzen hasi ziren. Bakarrik gurpil bi zulatu zitzaien eta Madrilgo lagun batzuen laguntzarekin konpondu zuten arazoa. Etaparik gogorrena azkenekoa izan zen 91 kilometrokoa baina Santiagora iristerakoan neke guztiak desagertu ziren. “Oso hunkigarria izan zen Santiagoko katedralera ailegatzea, negarrez hasi ginen gure erronka pertsonala bete genuelako”.
Gustoa hartu diote bizikletari eta orain beste bidai bat egitea pentsatu dute, Norvegiara joan nahi dute.

Artículo anteriorZaparrada Batukada, tantarik tanta bidea eginez
Artículo siguienteEn recuerdo de las víctimas de mayo 1937