Gabonetako programazioa

Bihar, abenduak 13, piztuko dira gabonetako argiak Amorebieta-Etxanon. Iazko moduan astebete beranduago izango da, argindarraren fakturan aurrezteko alegia. Imanol Aragon argazkilariak egin du datorren urteko egutegia eta 21etik aurrera hartu ahal izango da Zelaieta Zentroan, Nafarroa Zentroan eta Udaltzaingoaren bulegoan.

Abenduaren 13an (osteguna) piztuko dira argi apaingarriak aurten, eta urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira piztuta. 2011z geroztik, astebete atzeratu du Udalak pizte eguna, elektraindarreko gastuak aurreratzeko xedez.Era berean, Udalak inbertsioa egin du elektrizitatearen ziozko gastua murrizteko sistema berrian eta, horrela, udalerri osoan zehar hedatutako Gabonetako argi-apaingarrietan ezarri diren gailu bereziek eraginda, goizaldeko 2:00etan automatikoki amatatuko dira.
LED teknologia (Argia Emititzen duten Diodoak) darabilte Amorebieta-Etxanoko argi apaingarriek. Tradizionalak baino eragingarriagoak izateaz gain, gutxiago kutsatzen dute, txikiagoa da eta, atmosferara emititzen duten CO2 kantitatea.
Gabonetako egitaraua
Ametx erakunde autonomoaren eskutik eta udalerriko hainbat elkarterekin batera, umeentzako eta gazteentzako jarduerek, musikak, antzertiak, kirolak, eta abarrek osatutako egitaraua jarriko du abian Amorebieta-Etxanoko Udalak beste urte batez, zornotzar guztiek gozagarriak izan ditzaten egun berezi hauetan.
Gabonetan Jai
Abenduaren 26tik 30era, 0 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen Gabonetan Jai programa izango da Zelaieta zentroko pilotalekuan.
Goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 19:30era izango dute gazteenek bertan parte hartzeko aukera.
Sarreraren prezioa 2 eurokoa da eguneko. Bost egunetarako bonoa erosiz gero, berriz, 8 eurokoa.
Umerik txikienentzat, 0 eta 5 urte bitartekoentzat hain zuzen, ludoteka izango da, jolasak, zalditxoak, puzgarriak, eta margotzeko eta makilatzeko tailerrak.
6 urtetik gorakoentzako esparruan, berriz, egunero-egunero aldatuko da jarduera-eskaintza: karaokez hornitutako musika eta dantza gunea, koreografiak, mozorroak eta pasarela; puzgarriak eta ohe elastikoak; minigolfa, ping-ponga, futbolina, igela eta tailerrak.
Gazteentzako jarduerak
Beste alde batetik, Gauero programan eta Gazte Txokoan beraientzat propio antolatutako ekintzetan parte hartu ahalko dute Amorebieta-Etxanoko gaztetxoek, 10 urtetik gorakoek.
Horrela, Zelaieta zentroko kontzertu gelan egunero izango dute, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 22:00etara, Gabonetako Gauero Berezia, Play Station, Wii eta Xbox Kinect, eta mahai jokoen, ping-pongaren eta futbolinaren txapelketekin.
Ordutegi berberaz, erabilgarri izango dituzte Gazte Txokoko mahai jokoak, billarra, aldizkariak, argitalpenak eta Internet.
Abenduaren 27an billar txapelketa izango da eta hilaren 29an, berriz, Guitar Hero lehiaketa, arratsaldeko 18:00etan biak ere. Beste bi ekitaldi antolatu dira, guztioi irekiak: abenduaren 29an, iluntzeko 20:00etan, Nun ikusiot nik zure aurpegixe? eta abenduaren 31n (gaueko 00:30etik goizaldeko 3:00etara) dagoeneko klasiko bihurtuta dagoen Gabon Zaharreko Jaia!
Nun Ikusiot nik zure aurpegixe? ekintza berria da, eta bertan Ametx Gazteriako langileek eta erabiltzaileek, haien itxura hartuta eta euren ahotsaz, abeslari ezagunak imitatuko dituzte: Gatibu taldeko Alex Sardui, Justin Bieber, Shakira, Fito, Katy Perry, Sean Paul, Alaska eta Paulina Rubio. Herriko artistak izango dituzte epaile: Seiren taldeko Jokin Lacalle eta de Memoria de Pez taldeko Jon Calvo hain zuzen.
Zornotza Aretoan
Zornotza Aretoan ere gustu guztietarako kultura ekitaldiak izango dira ikusgai.
– Abenduaren 21ean, gaueko 21:00etan, Zubiaur musika eskolako ikasle eta irakasleek musika kontzertua eskainiko dute. Hainbat estilotako musika interpretatuko dute, Barrokoan hasi eta gaur egungo joeretaraino, musika herrikoitik pasatuz, hamaika joera eta, nola ez, Gabonetako musika entzuteko aukera ere eskainiz.
Bakarlari gisa, orkestran egituraturik eta Zubiaur musika eskolako Kantalai koroak lagunduta jardungo dute ikasleek eta irakasleek.
Prezioa: 3 euro.
– Glu Gluko konpainiak ere tokia izango du Gabonetako programazioan “Su txikian/A fuego lento” lana ekarrita. Produkzio honek, euskal politikaren agente eragileen artean sukaldearen intimitatean, “su txikian”, maneiatu ziren isilpeko elkarrizketak, taularatu ditu. ETAren jarduera armatuaren amaiera izan zen haien emaitza, Euskadin bakean eta elkarrekin bizitzera eraman gaitzakeen bide itxaropentsua urratu izana. Antzezlan zehatza, antzezlan dokumentala, Txillarre izeneko baserrian hasitako elkarrizketa funtsezko eta sekretuak oinarri dituena, eta orduan ekindako prozesua deskribatzen duena, orduko aurrerapen eta atzerapenak, lorpenak eta frustrazioak erakutsiaz.
Abenduaren 26an, 20:00etan (euskaraz).
Abenduaren 27an, 20:00etan (euskaraz).
Abenduaren 28an, 19:30ean eta 22:00etan (gaztelaniaz).
Prezioa: 15 euro.
– Abenduaren 29an, 18:00etan, familia guztiarentzako magia ikuskizuna izango da Sun Magoaren eskutik: “Magic Spectacular”. Abenduaren 26tik aurrera izango dira sarrerak salgai Zelaieta zentroan eta Teleka kutxazainetan. Prezioa 5 eurokoa izango da eta 2,5 eurokoa, berriz, Zornotza Aretoko bazkideentzat eta Gabonetan Jai bonodunentzat.
Horiezaz gain, Elkano Browing Cream taldea izango da Zelaietan abenduaren 13an Bohemia disko berria (Mamusik, 2012) aurkeztuz. Instrumentu elektrikoak alde batera utzi eta melodiko, gitarra eta perkusio hirukote bihurtu dira, musika mediterraneora eta zingaroen eremuetara gerturatuz, kaleko musikarien eta musikari ibiltarien esentziak ekarrita.
Iluntzeko 20:30ean izango da kontzertua, eta sarreren prezioa 6 eurokoa da.
Jarduera tradizionalak
Abenduaren 15ean, larunbatarekin, iluntzeko 20:00etatik aurrera, organoaren berritze lanen gaineko hitzaldia emango dute José Luis Echechipiak eta Sergio del Campok Amorebietako Andra Mari elizan, Aquilino Amezuaren omenez. Bizkaiko Organoaren Adiskideen “Diego Amezua” Elkarteak antolatu duen Bizkaiko VII. Organo Jaialdiaren barruan.
Abenduaren 23an, eguerdiko 14:00etatik aurrera, Amorebieta-Etxanoko abesbatzak herriko kaleetan barrena ibiliko dira Gabon kanta tradizionalak abestuz. Kalbarion amaituko dute ‘Mesias Sarritan’ abestuz.
Biharamunean, abenduak 24, Eguberri bezpera, Belatixikietako igoera tradizionala izango da. Extrem Zornotzak antolatuta dator, urtero bezala, ekimen hau.
Arratsaldean Olentzero iritsiko da herrira eta erdiguneko kaleetan zehar ibiliko da. Udabarri Dantza Taldeak antolatutako jarduera da hau.
Abenduaren 29an, iluntzeko 20:00etatik aurrera, Bizkaiko VII. Organo Jaialdiaren barruan hau ere, organo kontzertua eskainiko du Josep María Escalona organista eta aditu kataluniarrak Amorebietako Andra Mari elizan.
Abenduaren 31n, astelehenarekin, Extrem Zornotza taldeak antolatuta, San Silvestre lasterketa herrikoi tradizionala abiatuko da.
Eta, urtero bezala, urtarrilaren 5ean Ekialdeko Errege Magoei egingo zaie harrera Udalak antolatutako Kabalgatarekin, arratsaldeko 17:30ean hasita.
2012ko egutegia
Argazkiak ardatz izango dituen egutegia argitaratuko du Udalak 2013rako. Aurtengo edizioan Imanol Aragonen irudiek udalerriko hainbat paraje islatuko dituzte Ametxen eskutik datorren urtekarian.
Aragonek ETBko albistegietan eguraldiari eskaintzen zaizkion tarteetara bidalitako irudien artean aukeratu dira egutegian azalduko direnak. Udalerriaren irudi atsegina zabaldu dute irudiok, espazio horren ikusle direnengana helaraziz.Irudien osagarri, Urko Aristi ETBko eguraldi-gizonak egokitutako esaera zaharrak, esaldiak eta abesti-atalak. 3.000 ale argitaratuko dira eta, urtero bezala, Zelaieta zentroan, Nafarroa zentroan eta Udaltzainen bulegoan eskuratu ahalko dira (abenduaren 21etik aurrera).

Artículo anteriorEKIN DONA UN DESFRIBILADOR
Artículo siguienteRestauración órgano parroquia Amorebieta

1 COMENTARIO

  1. yuuuuuuuuuuuuuuuju se encienden las luces pppppppppppporfinnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnnn