EUSKERAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna da, eta euskararentzat beste hizkuntzen artean dagokion tokia aldarrikatzeko eguna. (…) Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia (…) (Koldo Mitxelena)
Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskarararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eguna ere bada. Ospatzeko, euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta, hizkuntza asko ez bezala, bizirik iritsi delako gaur egunera

Ospakizunak, dena den, neurriz egin behar dira; izan ere, jakitun gara euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara eta normalizaziotik urrun dago oraindik euskara

Beraz, euskararen normalizazioa aldarrikatzeko eguna da batez ere, hau da, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzea

Konpromisoak hartzeko eguna da, oraindik ere asko dugulako egiteko euskara ondoan dituen hizkuntza bien berdintasun sozialera heltzea nahi badugu. Gero eta gizarte elebidunago baten bagaude ere, euskarak bidea egin beharra dauka oraindik, elebitasun orekatura iristeko. Eta horretarako ezinbestekoena, euskararen sustapena ardatz nagusi hartuta hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzara eramango gaituzten ekimen eta praktika adostu eta demokratikoak bultzatzea eta gauzatzea da. Kontuan izanik, beti ere, erabilera dela euskararen eta beste edozein hizkuntzaren bizi-indarraren erregai bakarra

Euskararen Nazioarteko Egunean gure gogoa adierazi nahi dugu euskarak gure egunerokotasunean gero eta toki gehiago har dezan, eta herritarrak animatu nahi ditugu euskara gero eta gehiago erabiltzeko, ohiko eginkizun eta egoeretako hizkuntza izan dezaten. Dakigunok gero eta gehiago erabil dezagun, eta ez dakitenek euskarara hurbiltzeko urratsak eman ditzaten: horra euskararen geroa eta bizi-indarra bermatzeko ezinbesteko ekinbidea. Gutariko bakoitzaren ardura da

Horregatik guztiagatik udal honek konpromisoa hartzen du: 1. Gure herritarrei udal administrazioarekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza erabiltzeko aukera bermatzeko. Herritarren eskubideak bermatzea eta defendatzea gizarte aurreratu eta demokratikoen ezaugarri nagusietakoa den heinean, gure udalak bermatu eta defendatu beharreko eskubidetzat jotzen baitu hizkuntza eskubidea bera ere

2. Euskara gero eta gehiago udal honetan lan hizkuntza izateko, udalean euskararen erabilera sustatu eta bermatuz, alkate eta zinegotziek euskararen erabileraren aldeko jarrera erakutsiz, eta euskaraz jarduteko gai diren herri-langileek beren lanean euskararen erabilera areagotuz

3. Herritarrengan euskararen aldeko atxikimendua sendotzea helburu duten ekintzak bideratzeko, euskararen aldeko jarrerak sustatzeko, eta herritarrak euskararen munduez disfrutatzera animatzeko

4. Euskararen erabilera, bereziki gazteen artean eta eremu ez formaletan sendotzeko ekimenak planifikatu eta gauzatzeko, euskara biziberritu eta sustatzeko plangintza orokorraren baitan

5. Udal honen baitan eta gure udalerrian, euskararen sustapenerako ekimen eta politiken inguruko adostasun sozial eta politiko zabal eta sakonena bilatzeko
Azkenik, Udaletxeko balkoi nagusian “Euskaraz bizi nahi dugu” lelo koloretsua jarriko du Udalak abenduaren 3an (Euskararen Nazioarteko Eguna)

Artículo anteriorADECCO PLATA: NO NOS RESPETAN
Artículo siguienteItziar Canterok zuzendaritza onenaren Saria irabazi du