EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEN MERKATARITZA ETA OSTALARITZA ARLOETAN

Euskara zerbitzuak euskararen erabileraren diagnosia bideratuko du, merkataritza eta ostalaritza arloetako establezimenduetan erabilera sustatu nahian; horretarako, bisitak egiteari ekingo diote laster. Horren berri izateko alkatearen eskutitza jasoko dute; honakoa, hain zuen ere.

Azken urteotan Amorebieta-Etxanoko biztanle kopuruak gora egin du, eta horrekin batera merkataritza arloko establezimendu kopuruak ere bai. Horrek, zalantzarik gabe, herriari bizitasuna ematen dio, eta herritarron bizimodua erraztu egiten du. Hori dela eta, egiten duzun ahalegina eta herritarroi ematen diguzun zerbitzua eskertu nahi dut.

Beste alde batetik, Amorebieta-Etxanoko udalak zerbitzuen sektorean euskara erabiltzea oinarrizkotzat jotzen du, eta ahaleginak egingo ditu arlo hori sustatzen. Gainera, zerbitzuak euskaraz ere emateak sektoreari balio erantsia dakarkio; bezeroari eskaintzen zaion zerbitzua osoagoa delako, eta bezero gehiagorengana heltzeko bidea ematen duelako.

Horregatik guztiagatik, Udalak hainbat baliabide eskaintzen dizkizu euskararen erabilera sustatzeko, eta ematen duzun zerbitzua hobetzen laguntzeko:

• Itzulpen laburrak egiteko doako zerbitzua.
• Diru-laguntzak errotuluak, eta korporazioaren irudiak euskaraz jartzeko.
• Euskara ikasteko oinarrizko ikastaroak.
• Diru-laguntzak euskara ikasteagatik.

Hori guztia azaltzeko euskara teknikarien bisita jasoko duzu laster.

Beste barik, egiten duzun ahalegina eskertuz, agurtzen zaitut.
Andoni Agirrebeitia Abendibar
Amorebieta-Etxanoko alkatea

Artículo anteriorZMT ARAMOTZ EZAGUTZEN
Artículo siguiente“EZETZ esaten jakin” Berdintasun arloko ikastaro berria