ETXEBIZITZA ESKUBIDEA ZIURTATZEKO HAINBAT IRITZI

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA ZIURTATZEKO BEHARREZKOA DA ETXEBIZITZA HUTSEN ARAZOAREN INGURUKO PRESIO SOZIALA AREAGOTZEA ETA ALOKAIRUEN PREZIOA MUGATZEA.

Etxebizitzaren arazoa arazo handia da, batez ere, etxebizitza ez delako eskubidetzat hartzen. Etxebizitza oinarrizko beharrizana da pertsona guztientzat , bizi proiektuaren garapenerako oinarrizko babeslekua eta hainbat konstituzio eta nazioarteko, europako zein bertoko eskubide kartetan horrela onartzen dena. Hala ere, gaur egun gizartearen pobreziaren eragilerik nagusiena da, beraz, oso urrun dago persona guztientzako beharrizan asetutik.

Egoera hori esparru publikoaren konpromiso faltak eragin du, urteak eta urteak bai
taramatzate banku eta higiezinen lobbyaren esanetara dauden politikak bultzatzen. Izan ere, etxebizitza eskubidea konpromisorik gabeko betebehar soila da sektore publikoarentzat, zozketa hutsetan eta gutxi batzuentzako neurri murriztatzaileetan oinarritzen duena.

Babes publiko ezak zorpetu ugari eragin ditu, beharrizan gehien duten giza taldeen ahalmenetik urrun baino urrunago dauden zorrak eraginez, hain zuzen. Horri krisiaren eztanda ez ezik alokairuen prezioa ez mugatzea, hipoteken zama eta bankuen lapurreta gehitzen badizkiogu, langileriarentzat jasanezina bihurtu den egoerara heltzen gara, gaur eguneko egoerara, alegia. Bankuei dirua ematen zaien eta eraikuntza enpresei babesa ematen zaien bitartean, kalean geratzen gara herritarrak, etxegabeturik edo etxebizitza bat lortu ezinik.

Etxegabetzeei lehenbailehen eman behar zaie irtenbidea, baina horretarako etxebizitzaren arazoa bere osotasunean hartu behar da kontuan, bestela, berriro ere adabakiak jartzen ibiliko gara.

Horrela bada, pairatzen ari garen krisi latza nahikoa arrazoi da etxegabetzerik ez egiteko. Eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, egun Euskal Herrian dauden 250.000 etxe hutsei eta etxegabetzeetan hustu diren guztiei irtenbide bat eman behar zaiela uste dugu. Etxebizitza arazoaren irtenbide integrala alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoak sortzetik pasatzen da, etxebizitza hutsak erabiliz, alokairuen prezioei muga jarrita ( maizterren diru-sarreren %15 ) eta etxebizitza hutsen inguruko presio soziala gogortuta.

Egunez egun logika kapitalistaren kontrako gero eta kontzientzia eta elkarlan handiagoa erakusten ari gara herritarrak, langileriaren benetako beharrei erantzuten dieten alternatiba eta proposamenak eskainiz.

Borondate kontua da!

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.