ESKALADA, SENTSAZIOEN ARTEAN

Eskalada kirol bat baino gehiago da; bizitzeko era bat da. Labur esanda, zeure bizitzara heldu bezain pronto, mundua begiratzeko zeure ikuspuntua aldatu egiten da, toki ederrak ezagutzera eramaten zaitu, lagun apartak egitera eta aurreko egunean egin gabe utzi zenuen bia edota blokea egiteko motibazioa zer den ikasi eta sentitzera eramaten zaitu. Ez da erreza hitzekin azaltzea, bizi beharreko zerbait dela esango nuke. Eta, ez, ez izan beldurrik, eskalatzailerik onena eskalatzen gehien gozatzen duena da-eta.

Horrexegatik, eta sona handiagoa duten kiroletatik haratago geure zain dauden esperientzia berriei ahotsa jartzea gustatzen zaigunez Zornotzako aldizkari honetan, herrian eskalatzaile asko egon badaudela zabaldu beharra dago lau haizetara; bai arrokan, bai mendian, bai izotzetan, bai rokodromoan. Azken honi ekingo diogu, hain zuzen ere, argitalpen honetan. Hainbat urtetan, Zornotzako eskalatzaileak Boroako ermitan, Eubako rokodromoan, eta Larreako kiroldegiko instalazioetan aritu dira. Azken honetan biltzen dira gehienak, gaur egun. Solasaldi artean, batak besteari proiektuak proposatu eta norbere mailan bere burua erosotasunetik atera eta sufritzen ikastean, asko gozatzen dela baieztatuz.

Zornotzako rokodromoa, amorebieta.com 3 (Copiar) (2)

Munduko eskalatzailerik onenetako bat den Chris Sharmaren hitzetan, “eskalada arte baten gisa definituko nuke, jende askok dantzarekin alderatzen du, eta kirol honek duen gauza politenetako bat, denok geure maila hobetzen dugula senti dezakegula da”. Ederra da hori, burua eta gorputza bat egitean sortzen diren mugimenduak ateratzean, denok sentitzen dugulako emateko asko dugula -horretarako, ordea, burugogorra izateak asko laguntzen du-. Zuk, nik eta denok hobetu dezakegu, norbere buruarekin konektatzeko prozesu horri helduz gero; egun bizi garen egunerokotasun estresagarri honi aurre egiteko, gaitasun positiboak lantzea ezinbestekoa baita.

Ikerketen arabera, rokodromoek tratamendu terapeutiko gisa laguntzen diete depresioa duten pertsonei. Bestalde, garun-paralisia duten umeei fisikoki aktiboak izan daitezan laguntzen diela baieztatu da, muskuluekiko eta garunarekiko sinkronizazio prozesuan oso lagungarriak izan ahal dakiekeelako. Gainera, motibazio eta depresio falta horiei energia fokalizatzen ikasten laguntzen die, beti baikaude pentsatzen gertatu zenan eta datorrenan, eta ez diogu orainari erreparatzen. Askotan komentatu ohi dira gai hauek Larreako rokodromoan: koltxoneta gehiago, arduradun bat eta instalazio hobeak izango bagenitu, umeak ere txikitatik animatuko baitziren esperientzia hau ezagutzera, eta gabeziaren bat duten pertsonentzat ere aukera paregabea izango litzatekeelako; sendagairik onena.

Bukatze aldera, hurrengo presa hartzean, blokea borobiltzean edota errepikatzean, geure gorputzeko gaitasun guztiak egiten gauden horretan zentratzen dira eta denboraren norabidea ere galtzen dugu; arazoez aldentzen gara eta bueltatzean eta horiei heltzean bestelako ikuspuntu batez begiratzen diegu. Eskaladak konzentrazioa lantzen laguntzen digu; beste ezertan pentsatuz gero, jausi egingo gara-eta.

Amaia Larruzea

Artículo anteriorGOSARI GOZOAK URTARRILETIK AURRERA
Artículo siguienteAyudas de hasta 4.000 euros por la creación de empleo en Amorebieta