Errebantxa Zornotzan, dispertsioaren aurka

– ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea; dispertsioa amaitu’, lelopean pilota partidak izango dira Zelaieta Frontoian
– Besteak beste, Mikel Goñi eta Galarza VI pilotari profesional ohiak izango dira

Datorren larunbatean (apirilak 26) Errebantxa izeneko ekimena izango da Zornotzan. Errebantxa Zornotzako herritar talde batek antolatutako euskal presoen giza-eskubideen aldeko pilota partida da. Mezua argia eta sinplea izango da: giza eskubideen alde, konponbidearen alde, bakearen alde, dispertsio-politika amaitu.

Hasiera-ekitaldia 19:00etan izango da eta jarraian bi pilota partida izango dira. Lehendabizikoan, Zornotzako pilotari gazteek jokatuko dute; bigarrenean, Mikel Goñi-Igor Mendiolagarai eta Mikel Etxebarria-Xabi Galarza VI bikoteak izango dira aurrez aurre. Aldarrikapena eta ikuskizuna bateragarriak direla agerian geratuko da.

Partida berezia den heinean, pilotariek ere botilero bereziak izango dituzte alboan: Oihana Bartra eta Beñat Ugartetxea bertsolariak, hain zuzen ere.

Ideologia, pentsamolde edo sigla politiko guztiak alboratuta, sakabanaketa politikaren amaiera eskatzeko eta giza-eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzeko ekimena izango da, eta, ondorioz, azpimarratu nahi dugu herritar guztientzat izango direla irekita Zelaieta Frontoiko ateak. Azken finean, euskal gizartearen gehiengoa bezala, Zornotzako herritarren gehiengoak ere aldarrikapen horrekin bat egiten duela konbentzituta gaude. Gauzak horrela, herritarrek, dispertsioaren kontra eta bakearen eta konponbidearen alde, frontoia beteko dutela uste dugu.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2014

Ir arriba.