Eleizetan programak ermita eta elizak ganbera-musikaz beteko ditu

Aurten ere Amorebieta-Etxanoko ermita eta elizetan ganbera-musikaren arloan Euskadin egiten den programarik originaletariko bat entzun ahal izango da, Eleizetan programa. Hain zuzen ere berezia da kontzertuak Zornotzako ermita eta baselizetan egingo baitira.
Programaren XVIII. edizioak bost ganbera-musikako kontzertu proposatzen ditu. Entzun ahal izango diren taldeek esperientzia zabala eta kalitate handia dituzte.
Edizio honetan zornotzarrek ondoko kontzertuez gozatzeko aukera izango dute:
– MAIATZAK 5: IAGOBA FANLO, biolontxeloa. Boroako San Pedro baseliza (20:00)
Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioko hari instrumentuen sailaren buru da, eta klase magistralak ematen ditu Londreseko Royal Academy of Music-en. Casals fundazioak eskatuta, P. Casalsen biolontxelo eta pianorako lan argitaratu gabearen lehenengo entzunaldia eskaini zuen 2009an. Irakasle eta orkestra zuzendari jarduten du Bayreuth-eko junger Künstler jaialdian, eta txelo tutore European Union Youth Orchestran. J. S. Bach konpositorearen biolontxelorako sei suiteen grabazioak egin eta oso kritika onak jaso ditu Ritmo, The Strad eta Scherzo hedabideetan. 27ko belaunaldiko musikaren disko-grabazioa burutu du oraintsu IBS zigiluarentzat. Bakarlari aritu da Northern Chamber Orchestran, Saint Petersburg’s Chamber Orchestran, Euskadiko Orkestran, Gaztela eta Leoneko Orkestra Sinfonikoan, Murtziako Orkestra Sinfonikoan, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoan, Espainiako Orkestra Nazionalean, Malagako Orkestra Filarmonikoan, North Czech Philharmonic Orchestran, Virtuosi di Pragan eta Panamako Orkestra Nazionalean, besteak beste.
– MAIATZAK 13: GANI MIRZO. Laute jole kurdua, Qamichi Siriakoa eta Bartzelonan bizi dena, Neila Bembey, ahotsa eta Juan José Barreda, gitarra. Garitondoko San Isidro ermita (20:00)
Haurra zela Alepon bizi izan zen, eta bertan burutu zituen lehenengo musika ikasketak. Qadri Dala (ekialdeko lautea) eta Nuri Escandar (konposizioa). Ekialdeko musikan aditua eta lauterako konpositorea da, eta Neila Bembey algeriarraren ahotsa eta Juan José Barredaren gitarra ditu lagun, ekialdeko musika kurdua inspirazio iturri duten bere konposizioak aurkeztera datorkigun honetan. Mundu osoko eszenatokietan ibili da, eta Siriako mugatik 60 kilometrora dagoen Irakeko Domiz esparruko errefuxiatuei eskaini dizkie azken kontzertuak.
– MAIATZAK 14: ZARUK. Iris Azquinezer, Biolontxeloa eta Rainer Seiferth, gitarra. Bernagoitiako San Migel eliza (12:15)
Soinu lurraldea da Zaruk, tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen dituen musika-imajinarioa. Iris Azquinezer txelo jole espainiarrak eta Rainer Seiferth gitarra jole alemaniarrak osatutako musika bikotea judu sefardien musika ondareari begira ageri zaigu. Horrela, Sefarad –Iberiar penintsulatik egotziak izan ondoren, XV. mendean laga behar izan zuten lurraldea-, galdu izanaren eraginez malenkoniaz blaituta eta aldi berean diasporan zehar ezarriaz joan zireneko mediterraneoko lurraldeen arimak osatuta dagoen kulturaren ñabardurak dakarzkigu.
– MAIATZAK 20: ARTEKO HIRUKOTEA. Unay Celaya (biolina), Guillermo Pérez (tronpa) eta Andrés Martínez (pianoa). Dudeako San Migel ermita (12:15)

Arteko Hirukotea sortu berri den hirukotea da. Musikenen sortu da Gabriel Loidik ematen duen ganbera-musika irakasgairako. Kideak Unai Celaya (biolina), Guillermo Pérez (tronpa) eta Andrés Martínez (pianoa) dira eta aurten Musikeneko azken ikasturtean daude beraien irakasleak Keiko Wataya, Rodolfo Epelde eta Marta Zabaleta direlarik. Ganbera-musikako hainbat ziklotan parte hartu dute beste talde batzuekin, esaterako Kutxa Zikloa, Trintxerpe edota Lasarten aurreko edizioetan.

– MAIATZAK 21: IÑAKI ALBERDI & BIOS KAMARA ORKESTRA. Akordeoia Etxanoko Andra Mari Eliza (12:30)
Hainbat konpositore garaikiderekiko elkarlanean aritu da, eta Sofia Gubaidulina, Karlheinz Stockhausen, Luis de Pablo, Joan Guinjoan, Gabriel Erkoreka, Ramón Lazkano eta beste zenbaiten lanak estreinatu ditu. Diskoen grabazioak ere egin ditu Stradivarius, Kairos, Verso eta Espainiako Orkestra Nazionalaren zigiluetan, eta hainbat kontzertu-areto eta jaialdi ere bisitatu ditu: Fenice, Madrileko Auditorio Nazionala, Donostiako Musika Hamabostaldia eta San Petersburgoko Hermitage, esaterako. Beste hainbat dira Iñaki Alberdi jotzera gonbidatzen duten orkestrak ere: Royal Liverpool Philarmonic, Tempera Chamber Orchestra, Espainiako Orkestra Nazionala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa…
BIOS KAMARA ORKESTRA. 2004an sortu zuen Ana Uriartek eta EGO (Euskadiko Gazte Orkestra), JONDE eta beste musika-talde batzuk ditu musikari-iturri. BIOS osatzen duten interprete gehienak, kontzertista ez ezik, irakasle dira Euskal Herriko zenbait ikastegi eta kontserbatoriotan, bai eta Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoen ohiko kolaboratzaile ere.
Kontzertu guztietarako doako autobusa egongo da. Autobusa kontzertua baino 30 minutu lehenago aterako da Gudari kaleko autobus geralekutik (45 minutu Bernagoitiara joateko).

Artículo anteriorAZURMENDI DE ENEKO ATXA Nº 1 DEL MUNDO PARA ÉLITE TRAVELER
Artículo siguiente7 DE MAYO, CONSULTA Y JORNADA FESTIVA