Ehun umetik gora ostiralean burutuko den haur antzerkiaren lehenengo topaketan

Lehen hezkuntzara zuzenduta dagoen eskola-antzertiaren lehenengo topaketa burutuko da Zornotza Aretoan ostiralean, 19:00etan. Markeliñe antzerti konpainiaren eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik dator ekimena, eta hezkuntza zentroetan eszena-arteak tresna didaktiko gisa erabiltzeari bultzada ematea du xede.
Hezkuntzarako lanabesa izan daitezke eszena-arteak eta horregatik erabaki zuten Udalak eta antzerti konpainiak proiektu hau abian jartzea. Honelako jarduerak lagungarri gertatzen dira pertsonen garapenean, adierazpenerako eta komunikaziorako gaitasunak areagotzen dituzte, eta tolerantziaren eta giza harremanen aldeko jarrerak sustatzen.
Garrantzitsua suertatzen da, halaber, haurtzarotik antzerkirako zaletasuna lantzea, eta arlo honetan ikastetxeetan egindako esfortzua eta beharra azpimarratu eta aintzatestea izan da aurtengo ikasturtean abian jarri zen ideia honen xede nagusia.
HAT (Haur Antzerki Topaketak) ekimenaren lehenengo edizioan zazpi taldek hartu dute parte, eta honakoak dira Amorebieta-Etxanon proiektuari atxiki zaizkion ikastetxeak:
– Larrea HLHIko bi talde, Hau lapurketa bat da eta Barrerik egiten ez zekien printzesa ikuskizunak prestatu dituztenak.
– Andra Mari Ikastolako bi talde. Beraien ikuskizunak: Museolandia eta Hegazkin zoroa.
– Karmengo Ama Ikastetxean ere bi talde, Euskogiltzak eta Guztiok bat ikuskizunak ekarriko dizkigutenak.
– El Carmelo ikastexeko talde bat, Inmi-Tan-Gram ikuskizuna prestatu duena.

Lehe hezkuntzakoak dira proiektuan parte hartu duten eskolaumeak, eta euskaraz antzeztuko dira lan guztiak.
Ostiralean, ekainak 13, emango zaio amaiera bikaina proiektuari Zornotza Aretoan, ikasturte osoan zehar proiektuan parte hartu duten ikastetxeetan, Markeliñe konpainiaren zuzendaritzapean,burututako lanaren fruitua ikusi ahalko baita bertan.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2014

Ir arriba.