EGOITZ ARAGON: “LASTERKETA HONEK ASKO BETETZEN DEU”

Amaia Larruzea.
Urteko erronkarik gogorrenari aurre egiteak dakarren poztasuna eta esperientzia izugarria da, eta gainera, erronka hori TOR DES GEANTS handia bada, are gehiago. Hori ederto daki mendirik mendi dabilen zornotzar batek, iraupen luzeko lasterketetan gero eta gehiago ikusten dugun Egoitz Aragonek.
330 km-ko eta 24.000 m+-ko ibilbidea, 88 ordu eta 27 minututan, Italiako Aostako bailaran. Nahasketa leherkor honen emaitza: 11. Postua sailkapen orokorrean, 1. senior, penintsulako lehena eta 1. euskalduna. Ikaragarria zornotzarrak lortu duena soilik 28 urterekin, izan ere, berak dioenez: “Datorren urtean hobeto ibiltzea espero dut, azken finean, denbora, esperientzia gradu bat da eta eginaren eginez, asko ikasten da”. Egoitzek jada badu esperientzia puntu bat proba honetan, berarentzat ez da kontu berria, iaz ere meritu hau gurera ekarri baitzuen. Baina aurton, inoiz baino indartsuago joan da eta bere errekor propioa gainditu du, bere iazko denbora 17 ordutan eta 31 minututan hobetuz.
Erronka guztiek prestaketa daramate gidari eta zornotzarrak lortu duena lortzeko, ibilbidea ondo egina eraman du; besteak beste, iaz baino ordu gutxiago entrenatu ditu -gehiago kontrolatu ahal izateko gehiegizko karga-, astean 3 egun eman ditu gimnasioan hankak gogortzen (azarotik apirilera), bizikleta, proba luzeak egin entrenamendu moduan eta helburutzat hartu hilean bat egitea:
– Apirilean 75km-ko proba Frantzian (10.postua)
– Maiatzean, 65 km-ko EH Mendi Erronka Leitzan (37.postua)
– Ekainean, 74 km eta 7000 m d+ -ko Travesera de Picos de Europa (20.postua)
– Uztailean, 168 km-ko Ehunmilak Beasainen (5. Postua)
– Abuztuan, astebururo Pirinioetara egunean 8 ordu egiten.
Baina hau guztia debalde da buruak ez badu horrenbeste sufrimenduri erantzuten. “ Nik ez dut burua prestatzen, baina egia da, nik beti bakarrik entrenatzen dudala, horrela gehiago disfrutatzen dudalako, eta nire ustez, bakoitzaren izaerak eragiten du horretan, ez baita entrenatzen den zerbait”, azaldu du Egoitzek.
Presio handia jasan behar izan du zornotzarrak lasterketan zehar, izan ere, eliteko beste korrikalarien ekipoetakoek ez zuten ulertzen nola iritsi ahal zen hain urrun inoren laguntzarik gabe (beraiek 6-10 pertsona zeramatzatenean tramuetan laguntzen, motxila eramaten, bultzatzen aurrera egiteko, …). “Neurriak hartu beharko zirela uste dut, bestela probaren esentzia galtzen da”, adierazi du Egoitzek. Aurten bere buruari erakutsi dio gai dela bakarrik nahi duena egiteko, izan ere, iaz katalan batekin elkartu zen eta elkarrekin egin zuten proba baina ez zen eroso sentitu, eta aurton zera erabaki du: ”Hasieratik bukaerara bakarrik egitea ibilbidea, ikusteko nora arte heldu ahal naizen”. Hala ere, horrelako probetan bakartasuna ez da ona, batez ere “base de vida”-tan, ordu asko direlako eta egun asko, “azkenean apur bat tristea da goizeko 02:30etan heltzea metara, berandu delako eta klaro, nor egongo da? Baina zorionez, asturiar jator bat egon zan eta polikiroldegira lagundu zidan”, azaldu du Egoitzek.
Behin dena amaituta gogoeta eginez, momenturik politena bizi izan zuena Champillon aterpetxean izan zen, Emilie Lecomte irabazlearekin bazkaltzen egon zenean. Eta, aldiz, momenturik gogorrenak gauak eta loak izan ziren. Izan ere, ia 4 egunetan 4 ordu t´erdi egin zituen lo: lehenengo bi orduak 170.km-an (planifikatuta), geroago beste ordu bat, eta azkenik 15 minutu inguru tarteka. Baina horrek ez zion umorea kendu eta 300.km-tik aurrera probaz benetan disfrutatzen hasi zenean, poztasunez bete zituen inguruak, Mister Sinpatia titulua irabaziz. “Refugioetan egoten zen jendeak esaten zidan, orain arte pasa den mutilik atseginena nintzela, beste denak serio eta isilik pasatu zirela eta ni eurekin hitz egiten geratu nintzela”, azaldu du Egoitzek, “aurreko kilometroetan izango balitz ez zidaten hain ondo ikusiko, baina momentu onean harrapatu ninduten jaja”.
Kontuak kontu, sufrimenduak sufrimendu, proba honek merezi duela uste du Egoitz Aragonek, “oso gogorra da baina oso polita ere bai, lasterketa honek asko betetzen deu”. Inoiz baino indartsuago sentitu da aurton, “nire bizitzako momentu fisiko eta animikorik onenean sentitzen naiz, zalantzarik gabe”. Eta horrela izan ere, munduko lasterkari onenekin lehian aritzeko gai dela erakusten ari baita zornotzarra.

Artículo anteriorOGENBARRENAKO JAIAK
Artículo siguienteVoluntarios de Alcoa Amorebieta organizan un torneo de baloncesto juvenil con equipos de Durangaldea