Beñat Ugartetxea, “Beti izan naiz plaza gizona”

Mallabian jaioa da eta gaur egun Zornotzan bizi da. Bertsoa etxetik jasotakoa da, aita eta anai bat ere aritu izan bait dira lehenago. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari da eta Galdakaon egindako kanporaketan errez nagusitu zen. Hilaren 30ean Urdulizen izango du finalaurrekoa eta txartela lortuz gero abenduaren 20an Miribillako Bizkaia Arenan izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean.
Zornotzan abenduaren 7an izango dugu beste finalaurrekoa ikusteko aukera, bertan Arkaitz Estiballes, Garikoitz Sarriugarte, Ibon Ajuriagojeaskoa, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartra izango dira.
Nola mallabitarra bat Zornotzara heldu zaigu? Zornotzan bizi naiz emaztea bertokoa delako. Hemen bizi gara bi alabatxoekin.
Zenbat urtegaz hasi zinen bertsolaritza munduan? 12 urtegaz hasi nintzen ikastolan Lopategiren eskutik. Bapateko taldean sartu ninduten, beste batzuk berriz idatzizko taldean geratu ziren. Nire lehenengo plaza agerraldia 13 urtegaz izan zen Areitio auzoan. Beti izan naiz plaza gizona. Etxean ere ikasitakoa naiz, aita Jose Mari eta Arkaitz nire anaia ere bertsotan aritu izan dira eta.
Txapelketetan bizkaieraz egiten duzu? Ez, bertsotan ez naiz gai bizkaieraz egiteko. Batueraz ikasi dot eta horrela egiten dot. Gipuzkoarren eragina dela eta horrela hasi nintzen eta horretan jarraitzen dot.
Txapelketara joan baino lehen, nola prestatzen zara? Gaiak prestatzen doguz beste bertsolariekin batera. Afariak egiten doguz eta bertan errimak landu, gaiak jorratu, nondik joan aztertu,..etabar. Gatzena niretzat bakarkako gaiak izaten dira, edozein gai suertatu leike eta horretarako prestatuta egon behar gara,egunkariak irakurri, gizartean zer gertatzen den jakin, ez bakarrik Euskadin atzerrian ere bai.
2010. urtean finalean izan zinen, 5. postua eskuratuz. Nor ikusten duzu faborito aurten? Arkatz ikusten dot puntan. Teknika oso ondo menperatzen du eta gero gaiak jorratzerakoan ez bakarrik zerbait esatea, honek eta beste batzuek eritzi propioa ematen dute, eta hortan datza txapeldun baten arrakasta.
Zu nola sailkatzen zara bertsolari moduan? Ni bertsolari ironikoa naiz, nahiago dot umorea zentzuzko bertsoak baino. Txapelketei hori leporatzen diete, joera gai serioak jartzea da eta jendeak beste gai batzuk nahiago ditu.
Nola moldatzen duzu bertsoa? Bukaera pentsatzen dogu, horrela egiten dogu denok. Pentsatu behetik gora egiten dogu nahiz eta bertsoa goitik behera bota.
Zenbat saio egiten duzu urtean? Ez naiz astebururo bertsotan ibiltzen, etxean ere nahiko zeregina dudalako bi alabatxoekin, baina urtean zehar 60 bat saio bai izaten dodaz.
Badirudi bertsolaritza gora egin duela ezta?Hitzetik Hortzera ETB-ko programak 25 urte egin berri ditu. Telebistak eragin handia du. Zale asko dago, BEC-eko irudiak itzelak izaten dira, atzerritik etorritako jendea ere harrituta geratzen da.
Emakumeen presentziak ere gora egin du.
Bai, hemendik urte batzutara emakumezkoak gehienak izango dira. Hasieran arraroa zen andrazkoak bertsotan ikustea, baina aspaldian ari dira eta oso ondo gainera. Gaur egun emakumez bakarrik egiten dira saio batzuk.

Artículo anteriorNAGUSI ARETOA impartirá un Curso de Manejo del Móvil
Artículo siguienteAmorebieta-Etxanoko Udalaren eta Ametx erakunde autonomoaren webguneak .eus domeinuan

1 COMENTARIO

  1. bertsolari hori ez dut miresten,ni miresten dudana,imanol lazkano bertsolaria da. asko miresten dut gizon hori azkenaldian behintzat bai,ez beti eta bera jenio bat da,lazkao txiki zenaren ondoren,ni esango nuke,jenio bat baino gehiago dela. bertsolari bat baino gehiago