BADATORRELA… ARAMOTZ MENDI LASTERKETA!

8 Kilian Jornet, munduko korrikalarik onena Brinean mendi taldeko lagunekin Zornotzako parke gorrian, horien artean, Igor Lopez Zornotza Mendi Taldeko lehendakaria (Copiar)

Kilian Jornet Munduko korrikalarik onena Brinean mendi taldeko lagunekin Zornotzako parke gorrian, horien artean Igor Lopez, Zornotza Mendi Taldeko lehendakaria-

Aitzinako ohiturek ez dute iraungitze datarik, bitartean ilusioa eta gogoa baldin badaude. Ezinbesteko osagaiak dira hauek edozein kirol proba antolatzerako orduan, sakrifizio eta konpromezua oso handia baitira. Hala ere, Zornotza Mendi taldeko kideek ez dute horren faltarik eta talde ederra osatuz, aspaldiko ametsa berreskuratu eta eraikitzeari ekin diote. Adi, guztiok… badator-eta, Aramotz mendi lasterketa! Galduko al duzue?

Bost edizio daramatza Zornotzako probak motxila gainean, 2011. urtetik hona etena izan duelarik. Espainiako Kopako txapelketa izan zen, eta, besteak beste, Salomon eta Buff marka ezagunek babestu zuten. Oihartzun handia izan zuen, eta egun ultren munduko txapelduna den Luis Alberto Hernandok eta Salomon taldeko Oihana Kortazar korrikalari handiak gailendu ziren Durangaldeko bazterretatik barrena; Kilian Jornet, munduko korrikalarik onena ere, Zornotzara etorri zen , parte hartu ez zuen arren.

Urte epikoak izan ziren, baina arrazoi batzuk zirela medio, antolatzaileek lan karga hori utzi zuten, eta orain arte ez du inork horretan jardun, baina orain bai, bueltan da, “mendi taldeko batzorde berria sortu zenetik zirauen bolo-bolo lasterketa berreskuratzeko ideiak. Urtero komentatu izan da, eta aurten, Igor Lopezek bere nahia agertu, eta bazkideen laguntzarekin, proiektua aurrera ateratzea erabaki dugu. 11 kide inguruko taldea osatu dugu eta asteazkenero bildu ohi gara batzarrak egiteko”, adierazi du Andoni Barañanok, antolatzaileetako batek.

8.2Oihana Kortazar 2011. urteko irabazlea, Salomon taldekoa (Copiar)
Oihana Kortazar 2011.urteko irabazlea Salomon taldekoa

Helburu pare bat begi-bistan

Xede nagusia kanpotik datorren jendeari Aramotz ezagutzera ematea da; antolatzaileen hitzetan, herrian korrika dabiltzan gehienek ezaguna dute Aramotz, bai entzunda baita euren entrenatzeko tokia delako ere. Horrez gain, mendikate oso berezia dela azpimarratu nahi izan dute, izan ere, adituen arabera, Urkiolako Parke Naturalaren barruan interes gune handiena duen zonaldea da. Agian ez da tokirik ezagunena, baina duen edertasuna bakarra da; bai ibilbidea baita bertako fauna eta flora ere bai.

“Euskal Herriko hainbat tokitako mendizaleok hartzen genuen parte, eta, egia esan, denak geure inguruetan aritzea berezia zen, benetan; azken finean, harro gaude Aramotzeko magiaren berri emateaz, haitz horiek naturaren edertasun itsugarriaren isla direlako. Gainera, aurreko lehiak baino, atzeko lagun arteko lehia zen biziena, izan ere, herrikoak elkarrekin aritzea, etxean, ez zeukan eta ez du preziorik”, azaldu du Kepa Larruzeak, Aramotzeko edizio guztietan parte hartu duen korrikalariak.

Bestalde, herrian Belatxikieta ikur den arren, antolatzaileek aukera luzatu nahi diete herritarrei bertatik haratago ere asko dagoela ohartarazteko, eta bere atzeko ingurua ere ezagutzera ausartzeko.

Gainera, antolatzaileen artean, mendi korrikalari asko daude eta aberasgarritzat jotzen dute hori, estilo eta distantzia desberdinetako mendizaleen iritzi eta proposamenak oso bestelakoak direlako. Ondorioz, karrerari begira, korrikalarien beharrizanak antzematen laguntzen omen die, batez ere, xehetasunak kontuan hartzerako orduan.

8.3Luis Alberto Hernando, ultratrailen munduko txapelduna, 2011. urteko garailea (Copiar)
Luis Alberto Hernando ultratrailen Munduko txapelduna 2011.urteko garailea-

Zelako ametsa, halako harrera

Erantzun positiboa jaso dute herritarren eta babesleen partetik, baita bolondresak bilatzerako orduan ere. Jendeak estimu handia dio lasterketari, arestian aipatutako Kortazarrek eta Iokin Garai korrikalari ezagunek, esaterako, iruzkin bat idatzi zieten sare sozialetan, asko pozten zirela esanez. Orotara, 100 bat bolondres inguru lortu dituzte, eta bezain beste korrikalarik parte hartzea espero dute. Izen emateak gora egiten ari dira, eta astebururo hainbat lasterketa dauden honetan, ez da balentria makala gero.

Mendi Taldeko bazkideen aldetik ere prestutasun handia erakutsi omen dute laguntzerako orduan, baita lagun eta herritarrek ere. Hortaz, antolatzaileen aburuz, eskertzekoa da herrian zerbait egin eta inplikazio eta harrera hori jasotzea, horrek gauzak asko errazten dituela-eta. Bestalde, aipatzekoa da ere, prezioak parte hartzea asko ahalbidetzen duela, lasterketa askotako izen emateetan, km bakoitza, eurotik gora ordaindu ohi da, eta Aramotzen, ordea, federatuek 10€ soilik ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabekoek, 12€.

Lasterketako gakoen artean, terreno tekniko xamarra eta haitza dira aipagai, baina, batez ere, Leunganeko (1.006 m) igoeran jarri beharko da arreta, bertara ez baita indarrez justu iritsi behar; igoerarik gogorrena da eta aldeak markatuko dituen puntuetako bat izango da. Beraz, tentuz hartu eta ez eman gehiegi horren aurretik, ibilbide horrek bete-betean beharko zaitu-eta.

Bukatzeko, korrika (27 km 1600 m+) edo bizikletan (35 km 1000 m +) aritu, zeure onena eman eta zeure buruari erakutsi zertarako gai zaren, baina batez ere, gozatu; gozatu ezazu inguru eta panoramikaz, merezi du-eta.

Irailaren 30ean, goizeko 9etan, Zubiondo plazan, elkar ikusiko dugulakoan.

Amaia Larruzea

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2017

Ir arriba.