Andrea Arrizabalaga: “Giro ederra dago Zornotzan”

Albisteak ikusleei helarazten hamar urte daramatza jada; bai kaletik zuzenekoak egiten, bai ETBko informatiboetako aurkezle gisa ere. Kazetari apala bezain arrakastatsua da Andrea.
Amaia Larruzea
Auzokide berri bat dugu Zornotzan, askok ezaguna izango duguna hainbat afal ordutan gure etxeetako telebistan ikusi dugulako, Teleberriko (21:00ean) aurkezle lanetan. Beraz, hainbat berbaldi, albisteren inguruko iruzkin, ezuste edota irribarre partekatu ditugu elkarrekin, baina pentsatzen jarririk, ezaguna dugun neurri berean, guztiz ezezaguna dugu ere. Aurkezle horren atzean pertsona bat baitago, eta gainera, esateko eta emateko asko duena.
Ez da lan erraza norberaren eguneroko arazoak alboratu, eta munduan barrena gertatzen diren beste arazo guztiei ekitea, eta horiek jendeari helaraztea modu ulergarrian eta inor ere ez mindu gabe. Baina, Andrea Arrizabalagak pasio eta ofizio du hori, eta zirrara berezi horrek egiten du bere lana arrakastatsu. Jada 10 urte daramatza EITBn lanean, horietako bost aurkezle lanetan. Egun, ordea, zuzenekoak eta bideoak egiten, eta tarteka aurkezle gisa dirau. Osotasuna uztartzeko garaia heldu zaio beraz, kazetariari.
Izatez galdakoztarra den arren, ibilbide berri bat abiatu du Andreak bere bizitza pertsonalean ere, eta laneko aldaketei eta momentu onei heldu dien bezala, Zornotzako herriari ere ilusioz heltzeko prest agertu da. Gauzak horrela, duela zortzi urte inguru, Patataren inguruko polemikaren berri ematera etorri zen gurera, baina oraingoan, geratzeko etorri da. Sei hilabete inguru daramatza bertan bizitzen, eta bere hitzetan, “oso gustura nago, giro ederra dago Zornotzan!”.

• Gaur egun, informatiboetako aurpegirik ezagunenetako bat zara, baina nolakoa zen hastapenetako Andrea?

Ilusioz betetakoa. Nire ustez, askorik ez naiz aldatu. Egia esan, nik betidanik jakin izan dut kazetaria izan nahi nuela eta hori, ezinbestekoa da lanbide honetan. Duela hamar urte, EITBn bekadun sartu nintzenean, ez nekien gauza askorik, baina denborak aurrera egin ahala, jakin badakit bertan ikasi dudala dakidan guztia.

• Teleberriko aurkezle izatera heltzeko, hainbat pertsonen konfiantza irabazi behar izan duzu. Nork eman zizun pantaila aurrean agertzeko aukera hori?

Tartean jende asko egon da, baina emakume bat dut nik begiko. Berari esker nago ni Euskal Telebistan, eta inoiz ezer esan ez diodan arren, asko estimatzen dut. Rosa Zufia du izena eta garai hartan, albistegietako erredakzio burua zen. Berarekin egin nuen bekadun sartzeko casting-a eta oso ondo egin nuela esan zidan.

Hala ere, zailtasunak gainditu behar izan nituen bidean, izan ere, euskara ondo menperatzen ez nuelako ezin izan nuen bertan jarraitu, euskaldun berria izanda nahiko zaila baitzen Euskal Telebistan lan egitea. Baina, nahiz eta zailtasunak eduki, nik euskara nuen maite eta gogor ekin nion hizkuntza ikasteari. Azken finean, EGA neukan arren, hori titulu hutsa da eta nik trebetasuna landu behar nuen.

Geroago, denboraldi bat barnetegian eta euskaltegian eman ondoren, dei bat jaso nuen. Bera zen, Rosa, eta gogoan ninduela esateko deitu zidan. Nigan konfiantza osoa erakutsi izan du beti eta euskara menperatu bezain laster, Euskal Telebistako ateak zabalik nituela esan zidan. Geroago, Marian Etxebarria editoreak bideratu zuen nire ibilbidea.

• Horren harira, nolako prestakuntza egin behar izan duzu aurkezle izateko?
Egia esan, askorik ez. Nire ustez, zuzenekoak egiten baldin badituzu eta gustura bazaude, normalean, kamera aurrean ere eroso sentituko zara. Horrela jorratzen baita ezinbestekoa den konfiantza eta erraztasuna. Azken finean, gauzak kontatzeko grina baldin badaukazu, seguruenik, ondo egingo duzu.

• Nola gogoratzen duzu zure lehen agerraldia?

Estimu handiarekin eta urduritasunez betea. Asier Odriozolarekin batera aurkeztu nuen, eta bera jada beteranoa zen honetan. Beraz, bion arteko giro ona eta berak helarazitako lasaitasuna bidelagun, urduritasunari aurre egitea lortu nuen. “Tira, gozatzera etorri gara, Andrea. Egin dezagun, beraz!”, Odriozolak esandako hitz horiek ez ditut sekula ahaztuko. Nik une horretan ez nekien non nengoen ere, eta imajinatuko duzuenez, nire lehenengo Teleberria ez zen izan onena.

• Informatiboetan soilik albiste txarrak ematen dituztela esaten dutenei, zuk zer esango zenieke?

Albiste txarrak badaudela, baina onak ere asko daude. Gainera, txarrak ere kontatu egin behar dira, eta azken finean, atentzio gehien erakartzen dutenak dira; onek baino ikusmin handiagoa sortzen dute, alegia. Baina azpimarratu beharra dago ere, orain, Teleberria ordu betekoa dela, eta albiste guztiak sartzeko tokia dagoela. Beraz, albiste txarrak ikusteko, informatiboak ez ikustea nahiago dutela esaten dutenei, aitzakia hutsa dela esango nieke, eta kontua dela, aspergarria iruditzen zaiela.

• Bestalde, bizitza profesionala alde batera utziz. Nolatan erabaki zenuen Zornotzan bizitzea?

Ni galdakoztarra naiz eta izango naiz beti, nire bihotzean “moxoiloa” daramat [horrela ezagutzen zaie]. Baina nire senarra zornotzarra da, eta aitortu beharra daukat, Zornotzan oso gustura nagoela. Giro ederra dagoela iruditzen zait, giro herrikoia, eta kalean nagoenean pila bat disfrutatzen dut.

Nire aburuz, azken urteetan, herriak hobera egin du hainbat aspektutan. Nire familiak ere ondo hartu du berria, nire amak aldaketa ona egin dudala esaten dit.

• Pertsonai publikoa zara jada. Ziur anekdota positiboren bat edukiko duzula horren inguruan.

Bai [barrez]. Behin, Zornotzako supermerkatu batean nengoenean, emakume bat nuen inguruan behin eta berriz agurtzen ninduena, eta topo egiten genuen bakoitzean begira nuena, eta nik uste nuen nire senarraren gurasoen lagun bat izango zela. Baina bat-batean, sorbaldan golpe bat jo eta zera esan zidan: “Zu! Badakit zergatik agurtu zaitudan, Teleberriko aurkezlea zara!”, eta oihuka hasi zen supermerkatuko pasilloan barrena: “Teleberrikoa da, Teleberrikoa da”. Nik ezin nuen sinetsi, barre algara izugarria eragin zidan, ezin nuen barre egiteari utzi, eta berak oihuka jarraitzen zuen [barrez]. Gainera, ni bertan ikustea oso arraroa egiten zitzaiola esan zidan, eta nik ere erosketak egin behar ditudala esan nion [barrez]. Polita da ikustea nola jendeari ilusioa egiten dion, nahiz eta nik, ez ulertu zergatik [apal].

IMG_1492 (Copiar)
MOTZEAN

• Afizio bat: Irakurtzea eta idaztea

• Pasio bat: Katuak

• Hizkuntza bat: Euskera

• Bidai bat: Vietnam – Cambodia

• Kazetari bat: Àngels Barceló

• Elkarrizketatzeko gonbidatu bat: Arnaldo Otegi

• Zornotzako txoko bat: Etxano

• Zure paisaiarik gogokoena: Hodeirik gabeko egun urdina dagoenean, gure balkoian daukagun aulki gainera igo, eta kafe batekin eskuan, eta nire aldamenean katua dudala, Aramotz mendilerroa begietan dudala gosaltzea.

Artículo anteriorUGAITZ ITURBE DISEÑA Y FABRICA HELICÓPTEROS ULTRALIGEROS
Artículo siguienteANDRAZKOEN PILOTA TALDEA SORTU BERRI DA ZORNOTZAN

2 COMENTARIOS