Andramari Zornotzako Ikastola ospakizun handiak prestatzen ari da 50. urteurrenerako

Askotariko jarduerak antolatuko ditu martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean: pedagogiaren eta hezkuntzaren ingurukoak, kulturakoak, kirolekoak nahiz jai-girokoak. Apirilaren 1ean egun handia ospatuko da, eta txupinazoa, pregoia, kalejira eta herri-bazkaria izango dira
Andramari Zornotzako Ikastola ospakizun handiak prestatzen ari da 50. urteurrena ospatzeko, ikasturte honetan betetzen baitu mende erdi. Halako urtemuga biribilean, ikastolako arduradunek erabaki dute jarduera sorta bat antolatzea martxoaren 27tik apirilaren 1erako astean. Azken egun hori, zapatuarekin, ospakizun-egun handia izango da. Ospakizunaren ardatzak euskara, kultura, hezkuntza eta kirola izango dira, eta, horretaz gainera, tarte bat egongo da Andramari Zornotzako Ikastolaren bultzatzaileak gogoratzeko eta omentzeko. Ikastola 1966/1967 ikasturtean sortu zen, frankismo betean, pisu klandestino batean. Atzoko eta gaurko irakasle, ikasle, guraso eta beharginak gonbidaturik daude festara, baina baita beste herritar guztiak ere.
10 (Copiar)
Berrogeita hamargarren urteurrena antolatzeko batzordea hasia da itxura ematen jarduera eta ospakizunei. Martxoaren 27an, martitzenarekin, Ikastolak topaldi hunkigarri bat eskainiko du liburutegian: Ikastolako aurrendarietako batzuekin berriketan ibiliko dira kafea eta pastak tarteko. Arrasti aukerakoa izango da gomutarako, nostalgiarako, gorazarrerako eta, jakina, etorkizunera gogo eta indar berriz begiratzeko. Biharamunean, Ainize Sarrionandiak, EHUko irakaslea eta Psikologian aditua bera, hitzaldi bat emango du: «Adimen emozionala». Hilaren 29an, eguaztenarekin, eskupilotaren txanda izango da, eta eguen arrastian, hilak 30, kalerik kale ibiliko da festa, musika-kalejiraren eskutik. Barikuan, hilak 31, Ikastolara itzuliko da jaia, Xaiborrek girotutako txokolatadarekin batera. Eta apirilaren 1ean, zapatuarekin, ospakizunen egun handia izango da. Herriko Plazan eta Zornotzako erdialdeko kaleetan hasiko da (erraldoiak, joaldunak, txistulariak, batukada, trikitilariak, kalejira, pregoia, txupinazoa…), eta gero Ikastolan segituko du, pilotalekuan 400 lagunentzako (helduak) herri-bazkaria izango baita, musikaz lagundurik eta jai-giroan.
Antolatzaileek argibide zehatzagoak emango dituzte datozen egunetan Facebook-en nahiz Twitter-en zabalduriko kontuen bidez (@AndraMari50Urte bietan). Besteak beste, jakinaraziko dute zer lekutan jarriko diren salgai herri-bazkarirako txartelak (18 urtetik gorakoentzat). Egun handian parte hartuko dutenei urteurreneko zapia jantzita eroatera dei egiten diete (ikastolan bertan eros daiteke, edo, bestela, otsailaren 17an, barukiarekin, Pike Parken edo martxoaren 5ean, domekarekin, asteroko azokan). Sare sozialak edukiz hornitzeko eta oroitzapen eta bizipenak partekatzeko, posta elektroniko bat sortu da (50urteurrena@zornotzakoikastola.eus). Gura duenak hara bidal ditzake Andramari Zornotzako Ikastolaren lehen 50 urte zirraragarriotako argazki, bideo eta dokumentuak.

Artículo anteriorHILERO ZORNOTZAN; 25 AÑOS DE INFORMACIÓN LOCAL
Artículo siguienteJoxe Etxebarria, Presidente Zornotza Saskibaloi “Los cambios de plantilla descompensan al equipo”