Amorebieta-Etxanoko ikasleek 35 gorosti landatu dituzte

Amorebieta-Etxanoko ikasleek 35 zuhaitz landatu dituzte Jauregizaharreko landetan. Andra Mari, Karmengo Ama, Larrea eta Karmelo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak aritu dira lorezain lanetan; hain zuzen, 150 ikaslek baino gehiagok parte hartu du zuhaitz landaketan.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Iraunkortasun eta Zerbitzuen sailak antolatutako ekintza izan da. Zuhaitzaren eta Uraren Astearen baitan antolatutako ekintza izan da, bere garaian atzeratua.

Gorostia espezie autoktonoa da, Euskal Herrian oso ezaguna –haritza eta pagoa bezalako beste espezie tipiko batzuekin batera gure basoen pizgarri–. Babestutako espeziea da; Euskal Autonomia Erkidegoko natura kontserbatzeari buruzko Legean Interes Bereziko kategoriaren barruan dago sailkatuta eta, horren ondorioz, debekatuta dago bidezko baimenik gabe arbolak eta adarrak moztea.

Lorezainen azalpenak
Zuhaitzak landatu aurretik, ikasleek lorezainek emandako azalpenak jaso dituzte: nola landatu behar diren, babesteko egin beharreko lanak, zaintzarako aholkuak eta abar. Zuhaitz landaketarekin batera, ikasleek bestelako zereginak bete behar izan dituzte, edo bete beharko dituzte: gorostien informazioa bilatzea eta fitxa teknikoa osatzea, babes-hesia jartzea edota landaketaren kronika egitea.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.