Alkateak Eskolako Agenda 21eko ikasleen bisita jaso du

• Kontsumo jasangarria: gutxitu, berrerabili, birziklatu gai izan dute hizpide
• Ikasleek inkesta bat egingo dute herritarren artean bosgarren edukiontziaren asebetetze maila ezagutzeko

Amorebieta-Etxanoko Udalak bideratzen duen Tokiko Agenda 21 programaren baitan, udalerriko ikastetxeetako ikasleak David Latxaga alkatearekin bildu ziren urtarrilaren 15ean. Karmengo Ama Ikastetxeko, El Carmelo Ikastetxeko, Lauaxeta Ikastolako, Larrea LHIko, Urritxe Institutuko eta Andra Mari Ikastolako hiruna ikasle izan ziren udaletxeko Etxano aretoan.

Eskolen Arteko Foroa bi zatitan banatu zen. Lehenengoan, ikasleek hiru ariketa egin zituzten, ikastetxeka banatuta. Ariketa guztiak Kontsumo jasangarria: gutxitu, berrerabili, birziklatu gaiaren inguruan hausnartzeko egin ziren. Lehenengoan, ikasleek eskolako estutxean eramaten dituzten objektuen zerrenda egin zuten, behar ez dituzten materialak eramaten dituztela ondorioztatuz. Datorren ikasturteari begira, behar dituzten materialak eramateko konpromisoa hartu zuten.

Bigarren ariketan, kontsumo jasangarria sustatzeko ikastetxean, herrian eta etxean hartu beharreko ohiturez aritu ziren. Besteak beste, erabilitako liburuak ondorengoei pasatzeaz, hamaiketakoa tuperretan eramateaz edo-eta materiala birziklatzeaz aritu ziren.

Hirugarren ariketan, herritarrek bosgarren edukiontziaren inguruan daukaten asebetetze maila ezagutzeko galdetegia prestatu zuten. Gainera, galdeketa egin eta emaitzen inguruko diagnosia egiteko konpromisoa hartu zuten.

Asmoa da, galdetegia ikasleek ikasturtea amaitu aurretik antolatu nahi duten bigarren eskuko objektuen azokan egitea. Foroan, azoka antolatzeko jarraibideak jaso zituzten.

Saioa amaitzeko, David Latxaga alkateari Foroan landutakoaren berri eman zioten, eta alkatea ikasleekin solasean aritu zen. Kontsumo jasangarria sustatzeko ikasleen ekarpena funtsezkoa dela adierazi zien, eta jarrerak positiboak hartzeko kontzientziatu beharraren garrantziaz hitz egin zien.

Ikasleek hurrengo bisita apirilean egingo dute, ikasturteko bigarren Eskolen Arteko Foroan.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2015

Ir arriba.