ALEX TXIKON HIMALAYAN

Horrela esan digute Luklara heldutakoan, euripean busti ondoren, gorputza berotzeko ia zerbait hartu nahi ote genuen. Tea eta esneari esaten diote ‘dudh chai’.

Lehen tragoskarekin oroitzapenak samaldaka etorri zaizkigu burura hiruroi. Zenbat aldiz hemen Tamayo? Neu… lau aldiz ibili naiz hemendik. Zeu Juanra? Ba, niretzako berdin, lau aldiz ibili naiz liluraturik hemengo menditzarrak ikusten. Eta zeu Txikon? Zenbat aldiz egon zara hemendik? Joder! Neu ere lau aldiz. Hirurok lau aldiz…ospatu beharra dago mutilak! Eskatu beste ‘milk-tea’ bat.

Eta horrela segitu dugu bidean gora geroago, Pakdhing izeneko herriraino, kanpamentu nagusiraino eramango gaituen ibilbide luzearen lehen etapa burutzeko.

Hemen beste arnas bat hartu dugu.

Aurreko egunak Katmandu hiri kaotiko eta kutsatuan pasatu ditugu, eta egunak hiria bezalakoak izan dira: kaotikoak. Mila kontu burutu behar, espediziorako tramiteak antolatu, azken erosketak egin eta hemengo toki ederrez gozatu. Bagmati errekaren ondoko gorpu-erreketak ikusi ditugu; Boudhanath pagodaren misterioa eta otoitz xurrumurruen nahasketa; usainak, polikromiak, namaste luzeak…

Eta horixe egin dugu egun bietan, hegalaldi luzeak emandako egurretik arras osatu gabe.

Zorionez, gaur berton eta arazoak arazo, Luklaraino heldu gara hegalaldi gorabeheratsu batean, eta hor euriak egin digu harrera; euriak eta tamaina berean zeru goibelak, baina gure poztasunak ez du eguraldi txarrak zapuztu.

Horregatik ‘dudh chai’ nahi ote genuen galdetu digutenean, ‘yes’ esan dugu hirurok irribarre luzea ezpainaratuz.

Egun bi emango ditugu Namche Baazar herrian, alturarako girotze fasearekin hasteko. 4.000 metro urratuko ditugu gorago hasi baino lehen.

Bidean gaude, abentura hasita dago. Zuontzat ere bai.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.