Abendualdia eta Gabonak erantzukizunez ospatzen dira Karmengo Ama Ikastetxean

Abendualdia, Gabonetarako prestakuntza bidea da Karmengo Ama Ikastetxean. Izan ere, ospakizun polita izateaz gain Gabonaldiak, eta Abendualdiak, izaera berezia dute Ikastetxean. Gogoeta eta hausnarketarako une bikaina izanik, ikasleek egunez egun nor bere buruarekiko edota besteekiko harremanak lotu eta sendotzeko ekimenak burutzen dituzte.
Ikasleek Abendualdiaren benetako zentzua eta esanahia, hau da, Jesusen etorreraren ospakizuna barneratzen dute eta jaiotzak kristauentzat daukan garrantziaz jabetzen dira. Abendualdia, Jesusen jaiotza prestatzeko aldi liturgikoa da eta Gabonetarako prestakuntza bidea bezala lantzen da.
DRGd2EVXkAEWIkU
Ikasle zein irakasleek hilabete osoan zehar konpromisoak hartu, ebaluatu, eta egunero helburu lorgarri bat aukeratu eta betetzeko ahalegina egiten dute. Honetaz aparte, Gabon kantak abestuz, goizeko otoitzetan aurreko egunean izandako jarrerak aztertuz eta hobetzeko konpromisoa hartuz, gelak apainduz eta besteekin elkartasuna adieraziz, hau da, behar izana daukatenekin eskuzabalak izanez kontzeptuak praktika bihurtzen dira.
Gainera, ikasleek Gabonetako jaialdiak eskaintzen dituzte eta aisialdian egindako eskulanak salgai aurkezten dituzte Elkartasun Azokan. Bestalde, Gikore Rwandan Kongregazioak Educas Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez garatzen ari den proiektuari laguntzeko helburuz ohikoa den Elkartasun txokolatada antolatzen dute.
Eta, nola ez, Olentzero eta Mari Domingiri esker ikastetxea euskal kultura eta ohituretan murgiltzen da.
Itxaropena sustatu eta elkarbanatzeko sasoia, Abendualdia, erantzukizunez eta kontzienteki bizitzea eta hurkoenganako mezu baikorrak zabaltzea da azken finean Karmengo Ama Ikastetxearen familiaren helburu nagusia.
KAI ZORION POSTALA 2017-18

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2017

Ir arriba.