30 bikotek eman dute izena Erdu Pilotan Kirol Klubak antolatutako txapelketan

21765258_352351335189580_7260877074085301364_n (Copiar)

Pasadan urteko arrakastaren ostean, martxan da II. Pilotagoxo txapelketa. Erdu Pilotan Kirol Klubak antolatuta, aurten ere bikote mordoak eman du izena herritarrentzako sortu zen txapelketa honetan. 30 bikotek hain zuzen ere.
Irailaren 2an hasita, larunbatero, partiduak jokatzen aritu dira izena eman duten adin eta maila guztietako pilotazaleak; Etxano, Euba, Zubizabala eta Jauregibarriako pilotalekuetan. Eguraldiak lehenengo edizioan errespetatu bazuen ere, aurten ez da zorterik izan eta partidu batzuk tokiz aldatu behar izan dira segurtasuna dela eta. Hala ere, jendea pasadan urtean bezala erantzuten ari da partiduak ikustera etorriz eta pilotalekuetan giro ederra sortuz.
Hiru jardunaldi gogor eta emozioz betetako hainbat partiduren ostean, irailaren 23an, Euban jokatu ziren txapelketako finalerdiak. Goizeko 10etan hasita, 6 partidu eder ikusteko aukera izan genuen. Denen helburua finala jokatzea bazen ere, 6 bikote bidean geratu ziren. Beste sei bikoteak ordea, ostiral honetan, irailak 29, bigarren edizio honetako txapelaren bila irtengo dira Amorebieta IV pilotalekuan jokatuko diren finaletan. Hiru maila, hiru final.
Pasadan urteko finaletako festa eta giroa ikusita, antolatzaileek final eguneko formato berbera mantentzea erabaki dute. Sorpresa gehiagorekin, jakina.
18:30etan Dj Bull-ekin kalejira, Urtza tabernatik hasita.
20:00etan II. PILOTAGOXO TXAPELKETAko FINALAK, Amorebieta IV Pilotalekuan.
Jaialdian zehar, zozketak, apustuak, musika eta zenbait sorpresa.

unnamed (Copiar)

Txapelketaren berritasuna, finalisten sariez gain, parte hartzaileen artean ere sari gehiago egon direla da. Txapelketa honetan txapelduna saritu eta txalotzeaz gain, partidurik irabazi ez dutenak, tantorik onena egin dutenak, gazteenak, zaharrenak, altuenak, txikienak, jatorrenak,… ere saritu nahi ditugu. Hala ere, denentzako saririk erosteko dirurik ez dugunez, ostiralerarte ez duzue jakingo zein den, zergaitik eta nork daraman sari berezi hori…
Bestalde, ikusten duzuen bezala, finala nork jokatuko duen jakitea ere falta zaizue. Jakin nahi duenak, bi aukera ditu: sare sozialetan begiratzea edota ostiralean pilotalekura hurbiltzea.
Argi utzi nahi dugu, pilotaz eta giro paregabeaz gozatzea dela txapelketa honen helburua. Galdu zein irabazi, gurea den kirol honi bultzada bat ematea eta gero eta jende gehiagok parte hartzea gustatuko litzaiguke. Armailetatik, zuen oihu eta txaloekin parte hartzeak ere, jokatzen dutenen besteko garrantzia dauka.
Beraz, guzti hau esan ostean, pilotaz gozatu eta aldi berean ondo pasatu nahi dugunok, gogoratu hitzordu bikaina dugula irailaren 29an herriko 12 pilotari txapelaren lehian ikusteko. 19:45etan ateen irekiera eta 20:00etan partiduen hasiera. Kalejiran parte hartu nahi dutenek 18:30etan Urtza tabernan dute hitzordua.
ERDU eta GOZATU!!

Argazkiak: Eneko Larruzea.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2017

Ir arriba.