2015-eko ZORNOTZAKO TANBORRADA. EZINEZKOA IZAN ZEN.

Noizean behin batek atzera begiratzen du eta egin duen ibilbide baten balantzea egiten du. Kasu honetan Zornotzako tanborradaren zuzendari lanetan ibilitako urteei dagokion etapari buruz ari naiz hitzegiten, Zornotzako jaietan Uztailaren 26an.

16 urte igaro dira ardura hau borondatez eta interes ekonomikorik gabe hartu nuenetik, ehunen bat entsaio egin ditugu eta irrikaz bizi izan ditugu ekitaldiak Santa Ana egunetan, ilusioz beteriko egunak alegia.

Hitz gutxitan azaldu nahiko nuke nola bizi izan nuen nik joan den Uztailaren 26ko gaua, eta ekitaldia bertan behera uzteko arrazoi nagusia zein izan zen jakinarazi nahiko nizueke. Behin herriko plazara iritsita eta aurkako baldintza metereologikoak zirela eta, musika banda arkupeetan kokatzeko erabakia hartu nuen musikatresnak babesteko asmoz (ikusleak musika banda eta gure tartean kokatu zirelarik). Ondorioz musikariek eta tanbor-joleek konpasa era berean eramatea ez zen posible izan, musika ez zelako ondo entzuten, koordinazio arazo garrantzitsuak eman ziren alegia. Beraz guzti hau kontutan hartuta, ekitaldia bertan behera uztea erabaki nuen, eta egia esan gauza bera egingo nuke gaur egun baldintza berdinetan.

Erabakia denon gustokoa ez izatea ulertzen dut. Erabakia bera baino, ikusleei eta danborradako partaideei erabakiaren berri modu apropos batean ezin azaltzea baliabideen falta zela eta. Denok nahiago izango genukeen normaltasunez ekitaldiarekin aurrera jarraitzea beste urte askotan bezala, baina EZINEZKOA IZAN ZEN.

Nik etapa edo aro hau amaitutzat ematen dut eta aurrerantzean nire lekua hartuko duenari onena opa diot bere eginbehar eta ardura horretan.

Iban Ibarretxe Mezo.
Zornotza, 2015.eko Abuztuaren 2an.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2015

Ir arriba.